+ The Soulbreaker Company
The Riff Truckers 2005. urtean sortu zen Bizkaiko Ea herrian. Euren hasieretatik rock&rolla jorratu zuten estilo nagusi bezala, baina blues-a, countrya, eta nola ez, whiskya, alde batera utzi gabe. 2006an euren lehen kontzertuak eman zituzten eta ordutik geratu ere ez dira egin. Besteak beste Berri Txarrak (Rubioren azken kontzertuan), Sexty Sexers, Gatibu, Eraso edota Lor bezalako taldeekin aritzeko aukera izan dute Euskal Herrian eta estatu mailan ere pare bat kontzertu eman dituzte(Zamora eta Gijonen). 2007an 3 abestiko demo txiki bat grabatu zuten Gernikako Screamweaves estudioetan, Manu Villasanteren gidaritzapean. Horretaz gain, 2008ko irailean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian Memoria de Pez taldearekin emandako kontzertua ere DVD-an grabatu zuten.
2009ko udaberrian euren lehen diska dena grabatzera sartu ziren Muxikako Muxik-On estudioetan, Iñigo Etxebarrieta “Pitu”ren laguntzarekin (Berri Txarrak, Extremoduro edota Gatibu bezalako taldeen soinu teknikaria). Grabaketan Audience taldeko Gaizkak eta The EIB’s taldeko Gotzonek parte hartu zuten (Gaizkak saxoa, hammond-a eta pianoa; Gotzonek kitarra). Honez gain, “Johnny Whisky” abestiaren bideoklipa ere grabatu berri dute.
Diskoa “On route” deitzen da eta 8 abestiz osaturik dago. Bertan rock&rolla da nagusi, bluesak, countryak eta whisky zaporeak bere lekua dutelarik. Autoekoiztua da eta momentuz Gernikako tabernetan, kontzertuetan eta internet bidez taldearen webgunean eros daiteke.
Diskaren aurkezpen kontzertua, eta bide batez bideokliparen estreinaldia, Gernikako gaztetxean egin ziren pasa den abenduaren 30ean. Gaztetxea lepo bete zen, eta jende asko eta asko kanpoan geratu zen sarrerarik gabe.
The Riff Truckers gara: “Retochains” gitarra, “Osman” ahotsa eta gitarra, “Mañuman” baxua, “Perrusman” gitarra eta koruak eta “Rioman” bateria.




